Sendagile kooperanteak
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak kooperazio-proiektuetan parte hartzeko informazioa ematen du.
Nazioarteko Kooperaziorako Sendagileen Elkargoetako Fundazioak (FCOMCI) sendagileentzako eremu garrantzitsuak eta erabilgarriak kudeatzen ditu.
Eremu humanitarioan lan egin nahi duten sendagileek plataforma batean izena eman dezakete erakundeen zerbitzura jartzeko. Plataforman erregistratzen den elkargokidea edozein unetan sar daiteke haren profilera, ekintza hauek burutzeko: informazioa eguneratzea, espezialitatea zehaztea, nazioarteko programetan parte hartzeko prestasunari buruz informatzea, lan-esperientzia eta prestakuntza eguneratzea, etab.
Sendagile boluntarioen eta kooperanteen erregistroak xede hauek ditu:
- Sendagileen lan-poltsa sortzea laguntza humanitarioa, nazioarteko emergentzia, osasun orokorra eta osasun-eremuan garapenerako lankidetzan diharduten sozietate, GKE, nazioarteko erakunde, instituzio mediko eta akademikoen zerbitzura.
- Erakundeei haien proiektu eta esku-hartzeetara egokitutako sendagile espezialistak topatzen laguntzea, eta, aldi berean, sendagileei nazioarteko erakundeek eta erakunde humanitarioek dituzten beharrizanak identifikatzen laguntzea.
- Nazioarteko kooperazio-proiektuetan lanean ari diren sendagileen errealitatea ezagutzea, haien beharrizanak identifikatzea eta beharrizan horiei erantzuteko programak eta prestazioak hobetzea.
- Nazioarteko lankidetzaren eta laguntza humanitarioaren eremuan lan egiten duten nazioko eta nazioarteko erakundeen eta instituzioen eta sendagileen artean lan egiteko tresna bat ezartzea.
Fundazioak garapen bidean dauden herrialdeetan garapeneko erakundeen bitartez lankidetza mediko-sanitarioko programak aurrera eramateko lan-ildo bat dauka.
Alegia, garapen bidean dauden herrialdeetan sendagileei laguntzea eta aholkatzea, gaikuntzako programak garatzea eta haien inguruan prestakuntza ematea eta laguntza mediko espezializatua eskaintzea.
Nazioarteko kooperaziorako medikuen elkargoen fundazioak laneko eta boluntariotzako proiektuak aurrera eraman nahi dituzten sendagileei eta erakundeei eskainitako atal bat da; alabaina, ez du proiektuen izaeraren eta baldintzen gaineko inolako erantzukizunik hartzen.
Fundazioak gomendatzen du alor horretan segurtasun-neurriak eta kooperante- eta/edo boluntario-eskubideak bermatzen ez dituen eskaintza orori uko egiteko, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako uztailaren 7ko 23/1998 Legeari eta Lankidetzaren Estatutua ezartzen duen apirilaren 28ko 519/2006 Errege Dekretuari jarraikiz.