Eutanasia

Eutanasia arautzen duen 3/2021 Lege Organikoak  hiltzeko laguntza medikoa ematea legez onartzen duen testuingurua bermatzen du; horretarako, kontuan hartzen ditu sufrimendu fisikoa edo mentala bizi duen pertsonaren egoera fisikoan edo psikikoan eragiten duten baldintza batzuk, sufrimendua arintzeko asmoz esku hartzeko dauden aukerak eta pazienteak bere duintasun pertsonalarekin bateraezintzat jotzen dituen baldintzetan bere bizitza babesteari buruz dituen uste moralak.

Hala, bost kapitulutan eta hamahiru xedapenetan legeztatzen du gaixoentzako eta eutanasia baliatzen laguntzea edo ez laguntzea kontzientziaz erabakitzen duten profesional sanitarioentzako eskubideen esparru berria; hala, haien guztien segurtasun klinikoa eta juridikoa bermatzen da.

Galdera-erantzunak


Osasun Sailak gai honi buruzko ohiko galderei erantzuteko gune bat prestatu du bere web orrian, Hona hemen gai nagusietako batzuk:

Zer da eutanasia?

Hiltzeko laguntza medikoaren osasun-prestazioa da; 3/2021 Lege Organikoan jaso da. Hiltzeko laguntza medikoa legeak eutanasiaren osasun-prestazioa deskribatzeko erabiltzen duen terminoa da. Eskubide indibidual berri horren bidez, pertsona batek bere heriotza aurreratzeko eska dezake, Legeak jasotzen dituen kasuetan.

Zer kasutan edo egoeratan eska daiteke eutanasia?

Eutanasia edo hiltzeko laguntza medikoa honako bi egoera hauetan eskatu ahalko da, mediku arduradunak ziurtatuta, baldin eta pertsonak onartezintzat jotzen dituen sufrimendu fisikoa edo mentala eragiten badute eta beste bitarteko batzuen bidez arindu ezin izan bada:

  • Gaixotasun larria eta sendaezina, bizi-pronostiko mugatua eragiten duena eta etengabeko narriaduraren testuinguruan.
  • Pairamen larria, kronikoa eta eragozlea. Hau da, desgaitasun handia, autonomia fisikoaren narriadura, nor bere kabuz baliatzeko ezintasuna edo adierazi nahi dena adierazteko edo harremanetarako gaitasunaren galera.

Non egin daiteke eutanasia?

Hiltzeko laguntza-prestazioa osasun-zentro publiko edo pribatuetan eta eskatzailearen etxean (etxe gisa nagusien egoitzak eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzak ere ulertzen dira) eman ahalko da.

Zer profesionalek esku hartzen dute eutanasiaren prozesuan?

  • Legeak funtsezko eginkizuna ematen dio gaixoari arreta ematen dion asistentzia-taldeari, eta berariaz aipatzen ditu Medikuntzako eta Erizaintzako profesionalak.
  • Zehazki, “mediku arduradunak”, “mediku aholkulariak” eta gaitasun etikoak eta lotura duten beste batzuk dituzten pertsonal sanitarioek eta juridikoek eratzen duten “Berme eta Ebaluazio Batzordeak” parte hartuko dute prozedura bakoitzean, legea betetzeko.

Profesionalentzako berariazko

informazioa

Kontzientzia-eragozpenaren erregistroa

Eutanasia arautzen duen martxoaren 21eko 3/2021 Lege Organikoaren arabera, hiltzeko laguntza medikoan zuzenean inplikatuta dauden profesional sanitarioek “kontzientzia sanitarioaren eragozpenerako” eskubidea baliatu ahal izango dute. Lege honen arabera, eskubide hori honela onartzen da: “profesional sanitarioen eskubide indibiduala lege honetan erregulatutako jarduketa sanitarioko eskaerei ez erantzuteko, baldin eta eskaera horiek bateraezinak badira beren konbikzioekin”.

Informazio guztia Osasun Departamentuaren web orrian dago: hemen

Zer da kontzientzia-eragozpenaren erregistroa?

Kontzientzia-eragozpenaren Erregistroan inskribatu behar dira kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak. Erregistroaren helburua da osasun-administrazioari beharrezko informazioa ematea, horrek bermatu ahal izan dezan hiltzeko laguntza behar bezala kudeatzen dela.

Nork erregistra dezake kontzientzia-eragozpenaren adierazpena?Osasun-langile fakultatiboak, erizaintzakoak, psikologia klinikokoak eta farmaziakoak, zerbitzu aktiboan daudenak, bai esparru publikoan, bai pribatuan.

Kontzientzia-eragozpenaren erregistroan, zerekiko adieraz daiteke eragozpena?

  • Ofizialki erregistratutako kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak berekin dakar Legeak deskribatzen duen eutanasiaren prozesu osorako beharrezkoak diren jarduketa batekiko, batzuekiko edo guztiekiko eragozpena aditzera ematea, baina profesionala horietan guztietan jarduteko desgaitzen du.
  • Beraz, eragozpena adieraziz gero, asistentzia- eta prozedura-prozesu osoarekiko adierazten da eragozpena, ez soilik prozesu horren zati batekiko.

Noiz erregistra daiteke kontzientzia-eragozpenaren adierazpena?

Kontzientzia-eragozpenaren adierazpena edonoiz erregistratu ahal izango da, eta pertsonak berak modu berean ezeztatu ahal izango du. Horretarako, nahikoa izango da erregistro telematikoan baja ematea. Zure eskaera nola tramitatu jakiteko, egin kilk hemen.

Sare publikorako, pribaturako edo soziosanitariorako erregistro desberdinak egongo dira?

Ez. Erregistroa zentralizatua eta bakarra izango da Osakidetzako profesional guztientzat, eta irekia izango da osasun-zentro pribatuetako (itunpekoak edo ez) eta zentro soziosanitario edo sozialetako (adineko pertsonen egoitzak edo pertsona desgaituen zentroak) edozein osasun-profesionalen (medikua, erizaina, psikologo klinikoa edo farmazeutikoa) kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak jasotzeko. Horrek ez du galarazten zentro edo erakunde horiek kontzientzia-eragozpenaren erregistro propioak izatea.

Publikoa izango al da eragozpena adierazten duten profesionalen erabakia?

Ez. Konfidentziala izango da. Datuen konfidentzialtasuna guztiz babestu behar da. Prestazioa kudeatzeko eta antolatzeko erantzukizunak dituztenek izango dute sarbidea.

Informazio guztia Osasun Departamentuaren web orrian dago: hemen

Praktika egokien eskuliburua eta balorazio protokoloa